50 urtetako historia biltzen duen disko-liburua kaleratu dugu
- Aurretik txarangaren diskoetan bildutako zein orain arte argitaratu edota grabatu gabeko bederatzi abestik osatzen dute diskoa.
- Liburuan txarangaren historia bildu da, QR kodeen bidez irakurleei zenbait abesti eta hainbat bideo historiko proposatuz.
- Hainbat herritako tabernetan eta saltokitan eta Incansablesen webgunean eskuratu daiteke lana.
- Aurkezpena hilaren 22an izango da, 19:00etan, Hernaniko Biteri kultur etxean.
Incansables txarangak 50 urte bete ditu pasa den 2020. urtean. Urteurren borobila aprobetxatuz taldearen ibilbidea jasotzen duen disko-liburua osatu dugu. Txarangaren orain arteko diskografiako hainbat kantu bildu, eta grabatu zein argitaratu gabeko beste zenbait abesti berri jaso dira diskoan; liburuan berriz, Incansablesen historia, pasadizo eta anekdotak kontatzen dira, txarangan 50 urte jarraian egin dituen musikari Joaquin Ortega Canarioren perspektibatik landuta. Liburuaren testuak fintzen Ainara Ortega hernaniarra aritu da.
Mende erdian zazpi disko grabatu ostean, dibulgazio lan bat osatu nahi izan dugu urrezko ezteien aitzakian. Disko-liburuaren bitartez Incansablesen eboluzioa jaso nahi izan dugu, txarangaren musika lantzeko modua ere bai, eta baita bizitako zenbait gertaera ezagun nahiz eta ezkutuko beste zenbait ezagutarazi. Musika talde batek 50 urtez martxan jarraitzea ez da batere ohikoa izaten, eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun orain artekoa musikaren eta hitzen bitartez jasotzea. Disko-liburuarekin irakurle eta entzuleek historian zehar bidaiatzea nahi izan dugu eta horretarako, QR kodeen bidez, irakurleei zenbait kantu proposatu eta beste hainbat bideo historiko ikusteko aukera emango zaie. Apustua izan da formatu berri honetan musika, hitzak eta bideoak biltzea.
Disko-liburua herrietako taberna zein dendetan salgai egotearekin batera, txarangaren webguneko on-line dendaren bidez eskuratu ahalko da, 20 euroren truke. Hemendik eskerrak eman nahi izan dizkiegu proiektua babestu duten Hernani, Tolosa, Amasa-Villabona, Bera, Lesaka, Valtierra eta Leitzako Udalari, eta Leitzako Aurrera elkarteari.
Aurkezpena, urtarrilaren 22an Biterin
Hernanin aurkeztuko da taldearen 50 urteko historia biltzen duen lana. Ekitaldia urtarrilaren 22an, ostirala, izango da Hernaniko Biteri kultur etxean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Nola ez, aurkezpenean Incansables txarangaren musika zuzenean entzuteko aukera izango da. Ekitaldia guztiz irekia izango da, aretoaren edukiera muga bete arte, eta osasun gomendio guztiak errespetatuko dira aurkezpenean.
Non eskuratu disko-liburua?
- Bera: Xuga taberna.
- Hernani: Plaza Berriko prentsa kioskoa, eta Aralar, Oindi eta Txili tabernak.
- Iruñea: Haizea musika denda eta La Oreja taberna.
- Leitza: Maimur liburudenda.
- Lesaka: Intzuri optika eta Koxkila taberna.
- Tolosa: Arri Studioa eta Itaie taberna.
On-line erosteko aukera webguneko dendan.